EU · EN

CLARIAH-EUS Giza eta Gizarte Zientzietan euskara eta euskaraz ikertzeko aukera Europako ikerketa-azpiegituretan bultzatzeko egitasmoa da. Europa mailan, CLARIN eta DARIAH azpiegiturek ikerkuntzarako baliabideak eta laguntza eskaintzen dituzte eta CLARIAH-EUSek, horien ereduari jarraiki, euskararentzako zerbitzuak eskaini nahi ditu. Horretarako, euskarazko ikerkuntzan erreferente diren zentroek CLARIAH-EUSen sorrera eta Europako sareetan integrazioa bultzatuko duen CLARIAH-EUS partzuergoa osatu dute eta hainbat erakunde nahiz norbanako atxiki zaizkio.

CLARIAH-EUS partzuergoaren azken helburua da Europako CLARIN eta DARIAH ikerketa-azpiegituretan euskara txertatzeko jarduerak bultzatzea, euskarak azpiegitura horietan gero eta leku/baliabide gehiago izateko, Humanitateen ikerketetan eta Giza Zientzien ikerketan aurrera egiten laguntzeko, baita nazioarteko proiektuetan eta programetan ikerketa esanguratsuagoak egiteko ere, batez ere Europako Ikerketa Esparruaren testuinguruan.

CLARIAH-EUS azpiegitura sendoa eraikitzeko, ezinbestekoa da harreman sare estua ehuntzea eta erakundeen nahiz administrazioaren inplikazioa bermatzea. Alde batetik, partzuergoa osatzen duten erakundeek eta norbanakoek beren baliabideak ikerketa-komunitatearentzat eskuragarri jarri ahal izango dituzte CLARIAH-EUS azpiegituraren bidez. Baliabideen sozializazio horrek, euskarazko ikerkuntzari bultzada emango dio eta elkarlana sustatuko du. Beste alde batetik, CLARIAH-EUS azpiegitura sendoa izateak, nabarmen utziko ditu euskararen eta humanitateen ikerkuntzarako horrek dakartzan abantailak; baliabideen eskuragarritasunak ikerketarako erritmoen bizkortzea eta espezialisten lanaz baliatzeko aukera ekarriko baititu. Halaber, CLARIAH-EUS azpiegiturak bertako ikerketa-komunitatean gune zentrala bereganatzen badu, bere nazioartekotzerako ezinbestekoak diren erakunde eta administrazio publikoek ezin ukatuko diote babesa.

CLARIAH-EUS estatuko CLARIAH-ES azpiegituraren nodoetako bat da, eta era berean, CLARIAH-EUSen bultzatzaile den HiTZ zentroa da CLARIAH-ES azpiegiturako bulego teknikoaren ardura duen erakundea.

Ekimenaren bultzatzaileak: