Leku-izenen balioa azterketa GIS bidezko geografikoan. Euskal Herriko toponimia
Lurralde baten toponimiak denboran zeharreko biztanleen ezagutzak jasotzen ditu, eta
horregatik, UNESCOk kultur ondare ukiezinaren baitan sartu du (Mácha, 2023). Leku izenen
azterketa hainbat ikuspuntutatik egin daiteke, diziplinarteko ezagutza-arloa baita. Alde batetik,
onomastikaren atala izanik, hizkuntzalaritzarekin harreman zuzena du. Beste aldetik,
geografiarekin erlazionatzen da, lurraldeari lotutako izenak baitira (Arroyo Illera, 2009). Azkenik,
toponimia historiarekin lotu behar da, iraganean sortutako izenek lekukotza gordetzen dutelako.
Tradizionalki, esan beharrik ez, kartografia toponimiaren euskarri grafiko naturala izan da (Jordan,
2009).
Lan honetan leku izenek lurraldea aztertzeko duten ahalmena erakutsiko da, informazio
geografikoko sistemei (GIS) esker. Erabilitako metodologia eta zenbait adibide aurkezteaz gain,
toponimoekin lan egiterakoan agertu diren zailtasunak azalduko dira. Hain zuzen ere, garatutako
proiektuaren helburutako bat izan da erronka hauei irtenbide automatizatua ematea.
Ikerketarako datu multzo nagusiak leku izenen bildumak dira, izendegi geografikoak (UNGEGN,
2006). Orokorrean, eskudun administrazioek eratutakoak izango dira, eta banaka edo modu
konbinatuan landu daitezke. Bildutako izen horiek beren ezaugarrien bitartez informazioa ematen
dute; izenaren esanahiak izendatutako lekua deskriba dezake, erreferentzia egiten zaion
entitatearen tipologia bere izaera geografikoarekin lotzen da, eta izenaren kokapenaren bitartez
testuingurua landu daiteke.
Erabilitako metodoek aztergaiaren inguruko terminologia identifikatzea eskatzen dute.
Berariazko hiztegi horretan bakandu daitezkeen lexemak erauzi beharko dira, eta lan eremuko
toponimia corpusean identifikatuko dira analisi geografikoa egiteko (Tort-Donada, 2022). 1.
Irudian prozedura infografia baten bitartez adierazten da. Bestalde, lan eremua Euskal Herria
denez, eleaniztasuna prozedura osoan presente dagoela azpimarratu behar da. Posterrean
azaldutako adibideetan azterketa aukera desberdinak erakusten dira, bai eskala aldetik, toki
eremuak zein eskualde zabalagoak lantzen direlako, bai gaiaren aldetik eta bai elementu
geografikoen sailkapenaren aldetik.
Proiektuak aurrera egin ahala, leku izenen tratamenduan zenbait zailtasun agerian gelditu dira,
eta GIS ingurunean, datu base kudeaketan, edo testuen lanketan, eta irtenbideak bilatzeko
garaian aurrean izan ditugun erronkek proiektua aberastu dute, eta emaitzak sendotzeko balio
izan dute:
a) Izendegi geografikoaren izaerak edo jatorriak datuen ezaugarriak baldintzatzen dituzte:
Kartografia iturritzat duten izendegi geografikoetan adibidez, jatorrizko mapa horien
eskalak, elementu geografikoek dentsitateak eta banaketa espazialak eragina dute.
b) Trabak izendegi geografiko bat baino gehiago konbinatzean: Datu baseetan entitate
geografikoen sailkapenak desberdinak direnean, interpretazio arazoak sortu daitezke
sailkapen bateratu bat lortzeko. Horrez gain, datu bikoizketak egon daitezke, baina grafia
aldaketak daudenean ez dira automatikoki topatuko. Gainera, izen errepikatuen
kokapena edo sailkapena ez du zertan zehazki berdina izan. Kasu horietan
erredundantziaren kudeaketa ez da sinplea.
c) Ikerketa gaiarekin lotutako lexemen identifikazioa: Tokiko aldaerak kontuan hartu behar
dira, eta sortu daitezkeen anbiguotasunak argitu edo, behinik behin, identifikatu. Beste
aldetik, leku izenen hizkuntza-normalizazio egoerari erreparatu behar zaio. Ildo berean,
nahitaez izango diren erroreen eragina ebaluatu behar da; alegia, okerreko identifikazioak
egon daitezke alde batetik, eta lexemak identifikatu gabe gelditzea eman daiteke
bestetik. Helburuen arabera “ komisio” eta “omisio” errore horiek larritasun desberdina
izango dute.
Bukatzeko, lortutako emaitzek erakusten dute toponimiak analisi geografikorako duen balioa eta,
azken finean, lurraldea ulertzeko baliagarria dela. Toponimiaren jakintza eremuaren
diziplinartekotasuna oso lotua dago behar teknologikoekin eta, proiektu honetan GIS tresna
oinarrizkoa izan arren, leku izenen datu baseak kudeatzeko eta arakatzeko oso kontuan izan behar
dira beste jakintza arloetako baliabide teknologikoak.