Warning message

Submissions for this form are closed.

EU · EN

Manifestua

CLARIN eta/edo DARIAH-ko kide ofizialak diren UEko estatuak
Iturria: https://www.clariah.de/

Sinatzaileak ikusi

Azpian sinatzen dugun ikertzaile, ikertalde, ikerketa-zentro, unibertsitate eta erakundetakook honako hau aldarrikatu nahi dugu:

  • Egun, Humanitateetan eta Gizarte-Zientzietan ikerketa egin ahal izateko ikerketa-azpiegiturak behar ditugu testuzko, ahotsezko, zenbakizko eta irudizko datuen tratamendu konputazionala egin ahal izateko;
  • Azpiegitura horiek tresnen eta baliabideen arteko elkarreragingarritasuna bultzatzen dute. Horrez gain, baliabideen berrerabilpena, zientzia irekia eta ikerketaren ikusgarritasuna, eleaniztasuna eta Europako ikertzaile eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza zientifikoa sustatzen dute. Horrela, ikerketan dagoen zatiketa murriztu, baliabide horiek mantendu eta ikerketaren eragina handitzen dute;
  • Europan dagoeneko mota horretako ikerketa-azpiegitura egonkortuak badaude, esaterako, CLARIN (hizkuntzarekin lotutako datuak baliatzen dituen ikerketa-azpiegitura) eta DARIAH (Humanitate Digitalak sustatzeko ikerketa-azpiegitura);
  • Euskarak, Europako beste hizkuntza askok ez bezala, ez du azpiegitura horietan baliabideak sortzeko edota daudenak euskaratzeko bitartekorik, eta azpiegitura horietan euskaraz egin daitekeena oso mugatua da; nahiz eta ikertalde desberdinetan oinarrizko aplikazioak garatu diren. Ondorioz, euskaraz eta euskarari buruz egiten den ikerketa testuinguru honetatik kanpo dago, eta azpiegitura horietan ezin dira euskaldunok sortu ditugun tresnak egokitu ez eta berrerabili ere. 
  • Gure hizkuntza, kultura eta errealitatea Europa mailako erakusleihora eraman nahi dugu eta ikerketan aritu nahi duenari eskura jarri; izan ere, ikuspegi teknologikotik euskaraz ikertzeko garatutako tresna ugari egon badago;
  • Ikerketa-azpiegitura honek Humanitate Digitaletan eragin nabarmena izango du eta diziplinarteko arlo hori sustatuko du, baita Europako ikerketa esparruan parte hartzeko aukerak ireki ere. 

Horregatik guztiagatik, gure erakundeei eskatzen diegu egitasmo hau babestu eta bultza dezatela, eta gure parte-hartzea bidera dezaketen erakundeekin lehenbailehen harremanetan jar daitezela. Izan ere, Europako beste hainbat hizkuntzak CLARIN eta DARIAH ikerketa-azpiegituretan parte hartzen duten bezala, euskarak ere azpiegitura estrategiko propioa eraikitzeko bidea egin dezan, premiazkoa da gure erakundeen konpromisoa eta inplikazioa. Horrela lortuko da euskarak Humanitateetan eta Gizarte-Zientzietan ikerketa sustatzeko beharrezkoak diren baliabideak sortzea eta zabaltzea.