EU · EN

Hizkuntza eta elebitasuna zahartze osasuntsuan: Hiztegi mentalaren biltegiratzeari buruzko azterketa (AGINGLEXICON)

Hizkuntza eta elebitasuna zahartze osasuntsuan: Hiztegi mentalaren biltegiratzeari buruzko azterketa (AGINGLEXICON)

Zahartze osasuntsuan hizkuntzak duen narriaduraren ezaugarri dokumentatuenetako bat hiztegi sarbideko zailtasunak dira. Proiektu honetan, ezagutza semantikoaren narriadura ez-patologikoa bultzatzen duten aldagai esplikatzaileak identifikatzen dira, hiztegiaren antolamenduari eta aktibazio mentalari dagokienez. Gainera, elebitasunaren balizko balio neurobabeslarian sakontzea proposatzen dugu.

Psikolinguistika esperimentalean oinarriturik 30 eta 80 urte bitarteko 225 heldu aztertuko ditugu; elebakarrak (gaztelania) eta elebidunak (euskara-gaztelania). Parte-hartzaileek bi hitz semantikoki erlazionatuta dauden edo ez esan beharko dute. Software espezializatuen bidez erantzuna, erreakzio denbora eta pupilen diametroa neurtuko ditugu. Esperimentuko material linguistikoa osatuko duten hitz bikoteak, luzera, zehaztasun maila, auzokide fonologiko, auzokide semantiko eta maiztasunaren arabera parekatutako izenak izango dira. Aldagai askea hitz bikoteen arteko distantzia semantikoa izango da, eta berau kalkulatzeko, ele bakoitzerako, bere WordNet espazioko (WN) eta testu corpuseko (TXT) hitzen errepresentazioak konbinatu, eta errepresentazio semantiko osoagoko espazio hibridoen (HYB) sorkuntzan ari gara lanean.

Gure aurreikuspenen arabera, adinarekin bi elementuren arteko harreman semantikoa zehazten duen distantzia gutxitu egingo da, eta hiztun elebidunek adin bereko hiztun elebakarrek baino atalasa altuagoa erakutsiko dute zahartzaroan.

Lan honen emaitzak lagungarriak izango dira zahartzaro osasuntsuan hizkuntz gaitasunak aurkezten dituen aldaketak hobeto ulertzeko. Gainera, ikerketa honek arau-esparru bat sortuko du hizkuntza-gaitasun osasungarriak eta narriadura patologikoak bereizteko.

Univertsitatea edo erakundea: 
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
Ikerkuntza taldea: 
Gogo Elebiduna; HiTZ Hizkuntza Teknologiako Zentroa
Autorea: 
Miren Arantzeta; Josu Goikoetxea
Emaila: 
miren.arantzeta@ehu.eus